Ikuzgailuaren erritmoan

Berria

06 de agosto de 2015


Zapico anaiak, komentuko kaperatik irten eta jendetza agurtu ondoren, erdi ilunpean zeudela konturatu ziren. Argiztapena falta eta horren beharra ez zen ezinbestekoa izan. Argia partitura irakurtzeko premiazkoa da, baina, Aaron Zapicok adierazi zuen bezala, ehun kontzertuko zama daraman egitarau honek ez du argi beharrik. Hirukoteko zuzendariak argibide zehatzak eman zituen: ez da obra originalik entzungo; denak moldaketak izango dira klabe, tiorba eta gitarra barrokorako eginak. Hasiera ona, bikain, lehen pieza freskoa, Jose Blasco de Nebrarena, eta itxaropentsu gindoazen hurrengorantz. Santiago de Murcia, Gaspar Sanz, Giovanni Girolamo Kapsberger eta abarren musikak igarotzen joan ziren, itxuroso, joko dantzan, gertutasunetik hurbil. Hori bai, gitarraren inprobisazioak alboan zuen tiorba jotzaile anaiaren euskarri harmonikoa zeraman, eta bestetan alderantziz, gehienetan klabea egituraren baxua trinkotasunez mantentzen zuen bitartean. Lasai hasi, abiadura bizkortu, geroz eta apaindura gehiago txertatu, eta berriro ere lasaitasunerantz edo amaiera txalogarrirantz abiatzen ziren.

Inori errespetua galdu gabe, ikuzgailuaren irudia etorri zitzaidan burura; garbigailua martxan jarri, lehenengo bueltak lasaiak oso, erdibidean abiadura bizkortzen hasi, eta amaieran etenaldirantz pausoka. Ikuzgailuaren zirkulu bira bakoitzak parekotasun xelebrea du musikaren ostinato erritmiko amaiezinarekin. Bueltaka, ezin amaitu, hasieran dibertigarri, gerora deseroso, eta amaieran nekagarri. Sentsazio hori izan nuen Zapico anaien moldaketak entzutean; obrak aldatzen zihoazen, baina Zapicotasuna betiere txertatuta zegoen xiringa zirudien. Une berezi argitsuak gozatzeko aukera izan genuen, XVII. eta XVIII. mendeetako obra txatalen dotorezia begi bistakoa izan baitzen Zapico anaien musika aukeraketan, bakarlariaren izar desioa guztiz baztertuz, lantalde polita gauzatzeraino. Barkatu, ikuzgailua eten egin da, egindako lana txukun atera dela dirudi, garbi-garbi. Arropa esekitzera noa.

Arkaitz Mendoza

Volver a críticas